XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KULTURA

Iñaki Perurenak Iruñeko Euskalerria Irratia Elkarteak eratutako Larreko saria jasoko du

Heldu den 16an euskaltzale guztiondako irekia izanen den afarian emanen zaio

D.N. Iruñea

Euskalerria Irratia Elkarteak Iñaki Perurena harrijasotzaile leitzarrari emanen dio lehenbiziko Larreko Saria heldu den ekainaren 16an, Burlatako Hilarion Eslaba Polikiroldegian, eginen den afarian.

Euskalerria Irratiak jakin arazi duenez, afaria guztiz irekia izanen da, entzuleendako eta, oro har, Iruñerriko euskaldun eta euskaltzaleendako.

Irratiak Nafarroako euskaldun edo euskaltzale nabarmen baten lana ezagutzeko asmoz eratu berri du saria eta Sanferminak baino lehentxeago banatuko da urtero.

Irratiaren sariari Larreko izena ezarri zaio idazle ospetsuaren oroigarri.

Larreko euskal letretan aski ezaguna den Fermin Irigaray zenaren goitizena izan zen.

Auritzen 1869garren urtean sortua, mediku famatua izan zen ogibidez eta izkribatzaile handia eta oparoa.

Bere idazlanak ondoko liburuotan aurki daitezke: XXgarren mendeko Nafarroako euskal idazlariak, Txema Larreak eta Periko Diez de Ultzurrunek prestatua eta Klasikoak sailean Nafarroatik lekukotasunak izenekoan, Iñaki Kaminoren eskutik argia ikusi zuena.

Lehen artikuluak Iruñeko Napartarra eta Baionako Eskualduna aldizkarietan idatzi zituen 1915ean.

Handik aitzinera baita Gure Herria, Argia, Euzkadi, La Voz de Navarra, Esnalea eta hainbat argitalpenetan ere plazaratu zituen bere izkribuak.

1936ko guduak Iruñean harrapatu zuen, Ospitaleko zuzendari zela.

Larrekok garai garratz eta latz haien lekukotasuna utzi zuen hainbat urtez ixilean egon den Gerla urte, gezur urte liburu interesgarrian.

Larreko Iruñean hil zen 1949garren urtean.

Aurtengoan, Larreko saria Iñaki Perurena herri kirolari euskaldun eta euskaltzalea eta telebista aurkezleari ematea erabaki du Euskalerria Irratia Elkarteak.

Horretarako arestian aipaturiko afaria antolatu da.

Afari txartelak 2.000 pezetatan salgai daude jadanik honako tokiotan: Xalbador eta Auzolan liburudendetan, Donibaneko Toki Eder eta Txantreako Txorimalo tabernetan, eta Iruñeko Euskalerria Irratiaren egoitzan (Irrintzi Dorrean).

Txartelak eskuratzeko epea heldu den ekainaren 13an bukatuko da.